Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar

 

2023ko azaroaren 2an arratsaldeko 19,00etatik 20,30etara Hernaniko Biteri Kulturetxeko areto nagusian Urumea bailarako ondare natural eta historikoa ardatz izango duen Urumea Zena eta Dena. Urumeako basoak izeneko jardunaldia ospatuko da. Hiru hizlariek 15 minutuz arituko dira, gero eztabaida eta solasaldi tarte bati emateko.

Bertan, Alvaro Aragón Ruano ikerketa taldeko kidea egongo da “Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar” izenburupean eta bertan azken urteetan basogintzari buruz garatu dituen ikerketak laburbilduko ditu. Hona hemen bere partehartzearen laburpena:

Euskal lurraldeetan XIV. mendetik gutxienez basogintza enpiriko sostengarri bat ezarri zen. Hain zuzen ere, 1379an Donostia eta Hernanin arteko Mendi Zilegien inguruan ezarritako hitzarmenean basoak bitan zatitzen ziren, eremu bat burdinolen beharrei aurre egiteko eta beste eremu bat, non egur ikatza moztea edo lortzea debekatua zegoen, ontzigintzarako, bertan zeuden “arboles cruzados” zainduz eta babestuz. Aldi berean, basoen atzeratzea ekidin ahal izateko mintegiak eratuko dira baso geruza mantendu ahal izateko. Erdi Aroko Basogintza eredu hau XVIII. mendera arte iraun zuen. Eredu horretan, txaradiak eta tantaiak ziren nagusi, nahiz eta kostaldean zuhaitz motzak ere bazeuden, batez ere ontzigintzarako. Dena den, XVI. mendetik aurrera aipatutako Erdi Aroko baso eredu hori aldatzen joan zen, burdingintzaren hedakuntzak eta ontzi handiagoen eraikuntzak eredu aldaraztea ekarri zuen, XIX. mendera arte iraungo zuen Aro Berriko Baso eredu bat sortuz. Handik aurrera, mintegien indartzearekin batera, birbasotze politikari hasiera ematearekin batera, txaradiak zuhaitz motz gidatuak edo ipinabarro (“horca y pendón” adarrekin) bihurutuko dira, Gipuzkoa osoan, batik bat, XVII. mendeko bigarren erditik aurrera, eta baita Urumeako Mendi Zilegietan 1646 eta 1691 bitartean. 1756ean Cano Mucientes Korregidoreak Gipuzkoako hiribildu eta herrixkei egindako inkestan ia txaradirik ez dira geratuko eta zuhaitz lepatuak edo mugarratuak izango dira nagusi, zuhaitz tantai edo luzeekin batera. XVIII. mendean, burdinolen, Soraluzeko Errege Arma Fabrikaren, Karakasko Errege Konpainiaren eta Itsas Armada hispanikoaren beharrak asetzeko eta bermatzeko 1738ko Baso Arautegia, eta 1749ko Kapitulatu berezia ezarri ziren. Ordurako zuhaitz motzak nagusiak ziren eta birbasotze programa sakondu zen: Mendi zilegietan 1750 eta 1768 bitartean zuhaitz motz gehiago landatu ziren luzeak baino (olagizonen lobby-a nagusi baitzen Donostian eta Hernanin). Baina arazo handiak sortu ziren, basoaren eta Aro Berriko baso ereduaren jasangarritasuna kolokan jarriz: olagizonek ez zituzten ipinabarroak errespetatzen eta zuhaitz motzak gidatu gabe uzte zituzten edota zuhaitz luzeak gauean lepatu Itsas Armadarentzat erabilezinak bihurtuz; bestetik, landaketak gaizki egin eta %25 edo laurden bat galtzen ziren. Horrekin batera, udalen zorpetze prozesuak, desamortizazioek eta lehen industralizazioaren ezartzeak Aro Berriko Baso eredu horren aldatzea ekarri zuen; papergintza eta beste industrien beharrak asetzeko zuhaitz espezie arrotzak sartzen hasiko dira XIX. mendearen bukaeran (pinus radiata, Douglas izeia, alertzeak….) Baso eredu Garaikidea sortuz, egun darraina, zeinetan bertako espeziek atzera egin zuten eta kanpoko espezieak nagusitu ziren.

One thought on “Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar

  1. Pingback: PAÍS VASCO, EUROPA Y AMÉRICA: Vínculos y Relaciones Atlánticas

Comments are closed.